Herio Anderea

Nola:

Sasoia: 
Azaroaren 1eko astea
Iraupena: 
Ordu t'erdi. Aldapatsua.
Prezioa: 
2 euro tarifa normala. Euro bat tarifa murritza (jubilatu, ikasle, langabetu,...). Haurrak, 14 urte bitartekoak, debalde.

Herio Andereari buruz gutxi hitz egiten dugu gure artean. Gehienok Domu Santu Eguna besterik ez dugu ezagutu... behintzat Halloween jaia zabaldu den arte, heriotza ere haur-jolas bihurtuta. Ez da kontraesan makala, ez; izan ere, mingarria da maite duguna galtzea, eta hobe ez aipatzea badaezpada ere. Hala ere, ez hain aspaldi, heriotza bizitzaren osagaia zen Gurean. Eta joandakoaren oroimena ez zen oroimina, ez hala beharrez. Herioaren inguruan oso erritu zehatzak izan dira euskal gizartean. Bai kristautasuna nagusitu baino lehen, bai ondoren. Bergaran bertan baditugu horren aztarnak. Aztarna baino..., erritu horietako batzuek bizirik dirautela esan dezakegu. Horien berri izateko, Angiozarren bisita gidatuak antolatu ditugu. Heriotza ere merkantzia eta gai globalizatua den garai hauetan, Angiozarreko auzokoek euskal ohituren berri eman nahi digute. Haiekin landutako bisita da. Heriotza Herio Anderea zeneko bisita da hau. Etxeko bat gehiago zenekoa, hain zuzen ere. Elizamenditik abiatuko gara San Migel elizaraino. Hemen izango ditugu zain paisaia ikusgarria, ondare-ale bikain bezain ezezagunak , Herio Anderea, Etxekoen gogoa...