Lorategiak oso garrantzitsuak izan dira Bergarako Historian. Egungo hirian ere hala izaten segitzen dute. Gerriko berde batek inguratzen du Bergara. Baina kasko historikoaren barne egituran ere zabalak eta ederrak dira berdeguneak. Baita oso bereziak ere. Batzuk ongi kontserbatzen dira, beste batzuk eraldatu egin ditu azken hamarkadatako hiri garapenak. Baina ondare original eta baliotsua izanik, horiek berreskuratzeko eta gozatzeko lanetan dihardu Bergarak.

Bi dira lorategi historiko nabarmenenak

1. Errekalde jauregiaren lorategia: behar bada hau da hiriko lorategirik bikainena. XIX. mendean landutako proiektua da. Landare-espeziekin batera, jatorrizko ur instalakuntzak eta espazio banaketak ematen diote handitasuna: Zuhaitz ikusgarriz hornitutako lorategi ingelesa, baratzea, basoa… Lorategi bikain hau errestauratzear dago, baina bisita daiteke.

2. Irizar jauregiaren lorategia: txikia izan arren, lorategirik preziatuena dugu honako hau. Izan ere, hemen baratza bat lorategi bihurtu zen lehen aldiz Bergaran. Propio egindako hautua izan zen, XVII. mendean. Gainera, garaiko modari jarraituz, atzera begiratu eta Errenazimenduko erara egitea erabaki zuten jauregiko jabeek. Lorategi hau Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Oro¬korrean inskribatzea, Monumentu kategoriako Kultura-ondasun gisa.

Beste batzuk ere aipagarriak dira eta bisita edo ikus daitezke:

3. Untzeta jauregiaren lorategia: Errekaldekoa bezala, XIX. mendekoa dugu lorategi hau. Egun, baina, errepideak zatitu du ia 2 hektarea neurtzen zuen lorategia. Zuhaitz ederrak mantentzen ditu, batzuk XIX. mende amaieran landatutakoak, Himalaiako zedro ikusgarria kasu (Cedrus deodara).

4. Usondoko parkea. Estimu handiko parke hau Laureaga jauregiko lorategia zen jatorriz. XX. mende hasieran sortua, 1980 hamarkadaren hasiera arte ez zen publikora ireki. Urmaela eta jatorrizko elementu batzuk galdu badira ere, duela 100 urte inguru landatutako hainbat zuhaitzek bertan diraute: Izei zuria (Abies alba), 3 arantzadun arkazia (Gleditsia triacanthos) etab.

5. Errotalde Jauregiaren lorategia. Santa Anaren ermitagatik edo Frantzisko Borxaren predikuarengatik ezaguna bada ere, Errotaldekoa sorpresaz beteriko lorategia da, XIX. mendekoa. Oso eraldatua dagoen arren, elementu begetal eta arkitektoniko interesgarriak mantentzen ditu, hagin ikusgarria (Taxus baccata) eta etxearen atzealdean dagoen Aranerreka gaineko zubia esate baterako.

6. Egungo Mintegiaren lorategia XX. mendearen hasierakoa duzue, leku berean zegoen lorategi ingelesaren ordez egina. Munibe plazatik ikus daiteke. Ondoko paretako informazio-plakan, berriz, garaiko marrazkia duzue, Errege Seminarioko lorategiak eta baratzeak XIX. mendean nolakoak izan ziren ondo baino hobeto azaltzen dituena.

7. Komenio kaleko lorategi txikiak ezin ditugu ahaztu, Ondartza eta Olaso dorreen hegoaldea apaintzen dutenak. Aipagarria da hemen Olasoko lorategian dagoen Magnolia (Magnolia grandiflora), “Zuhaitz Nabarmena” izendatua eta legeak babesten duena.