Mariaren Lagundia

Nola:

Sasoia: 
Turismo bulegoa irekita dagoenean.
Iraupena: 
Ordu bete
Prezioa: 
2 euro tarifa normala. Euro bat tarifa murritza (jubilatu, ikasle, langabetu,...). Haurrak, 14 urte bitartekoak, debalde.

Hezkuntza ezinbesteko osagaia dugu Ideien Hirian. Gizonezkoa ez ezik, emakumezkoa ere modu sendo batean antolatu da Bergaran. Izan ere, emakumezkoek euren Mintegia izan zuten: "Seminario de Niñas Educandas de la Soledad". 1732. urtean abiatu zen baina behar bezalako egonkortasuna ez zuen lortu. Hura oin hartuta Madalena Goizueta andereak Mariaren Lagundiaren komentua sortzen tematu zen, bera hil eta hiru urtera gauzatu zena, 1798. urtean hain zuzen ere. Honek ere ez zuen asko iraun eta mende hasieran komentua guztiz berritu zen. Juan Antonio Cuervo arkitektoa egungo eraikina diseinatu zuen, 1804. urtean. Lanak 20 urtez luzatu ziren. Erakin neoklasiko honetan espazio-banaketa funtzionalitatearen araberakoa da. Horrela, klausura eta irakaskuntza bermatzen du. Eliza ardatz, komentua eta eskola alboetan antolatzen dira. Atzeko aldean, patioaren inguruan banatzen dira aretoak. Era berean, XVI. mendeko aztarnak dituen eta agian garai batean erabilera erlijiosoa izan zuen "Soledad" baserria dago.
Ikusgarria da gune berdea, bai hartzen duen azalagatik, bai eta Lourdeseko haitzuloa edo Libanoko Zedroengatik.

Elizari dagokionez, 1818. urtean hasi ziren eraikitzeko lanak. Erretaula nagusia Leringo Juan Jose Velezek egina da. Soledadeko Ama Birjina erdian, alboko kaleetan Jesulagunak dira protagonista, bi ordenak batera joaten ziren eta. Margolanak 1900. urtean berritu ziren, ordenaren sortzaile Juana Lastennac beata bihurtu ahala. Era berean, organoa oso kalitate handikoa da, 1896. urtean Juan Amezuak egina.
XIX. mendearen osoan zehar ospe handia lortu zuen kolegio honek. Ikasleak dirudunak ziren, hezkuntza zehatza, antolatuta, goi mailakoa,... egoitza hartzen ez zutenentzat ere irekiko da, bai eta igandeetan lan egiten zuten neskei klaseak emateko ere.

XX. mendean zehar, udalaren irakaskuntza-sarean txertatzen da. 1913. urtean euskaraz irakasten hasten dira, aurreko debekuak alboratuta. Bitxikerien artean, Suediako soinketa erakusten zela aipatu behar da.
Egun, Ikastola da: "Mariaren Lagundia" ikastola. Bergarako hainbat jarduera kulturalen egoitza da, besteak beste, Musika Eskolarena.