Mendea: 
Estiloa: 

Egino-Mallea familiak eraikiarazi zuen. Oso familia boteretsua zen Bergaran, XVI. mendean. 1585 inguruan eraiki zuten jauregia. Fatxada nagusia Errenazimendu manieristaren adibide bikaina da: multzoaren soiltasuna eta apaingarrien urritasuna ditu ezaugarri. Bigarren ezaugarri horrekin lotuta, dekorazioan nabarmentzekoa da arkitektura-elementu klasikoen antolaketa erritmiko eta simetrikoa: zutabeena, basamentuena, frontoiena...

Pedro de Ibarra maisuaren lana dugu. Arkitekto jantzia eta trebea zen, eta Europan garai hartan puri-purian zeuden arkitektura-joerak ezin hobeto ezagutzen zituen. Hori guztia argi islatzen da jauregiaren fatxada paregabean, Gipuzkoako fatxada errenazentistarik ederrena baita, ezbairik gabe.