Mendea: 
Estiloa: 

Dorre hau, Reizabal eta Monzon izenez ere ezagutu izan dena, XVI. mendeko eraikin trinko eta sendoa da, kareharrizkoa.

Bi gorputz ditu: bata, garaia, dorre-itxurakoa; bestea, baxuagoa, oinplano angeluzuzenduna. Dorrearen izkinetan eta gorputzik luzeenean dauden elementu zilindriko handiak edo garitoiak dira osagairik azpimarragarrienak. Erlaitzetik kanpora ateratzen dira, pinakuluak bailiran, eta muturraldean flamero dotorez daude apainduta. XVII. mendearen erdialdean, dorre-itxurako atalari oparotasunez landutako hegal barrokoa gehitu zioten. Hegalotako gapirioen artean, inskripzio hau dago: M santissima conzebida sin mancha de pecado original. Amén. Etxe honetan jaio ziren Migel Jose Olaso —Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko idazkari betierekoa (XVIII. mendea)—, Telesforo Monzon Zurbano —politikari handia eta Bergarako Errege Mintegiko zuzendaria (XIX. mendea)—, eta Telesforo Monzon Ortiz Urruela —errepublika-garaiko eta XX. mendearen bigarren erdiko politikari abertzale garrantzitsua—. Egun Jakiunderen (Zientza, Arte eta letren Akademiaren) egoitza da.