Jauregi hau, hasieran, toki estrategiko batean kokatutako eraikin sendoa zen.
Erdi Aroko jatorrizko hiribilduaren mugan zegoen, etxe-uhartearen amaieran. Hiru fatxada ditu: Barrenkalekoa, San Martin plazakoa eta atzekoa, Domingo Irala kalera ematen duena. Azken horrek XV. mendearen bukaerako elementu bereizgarriak ditu (aparailu gotikoa, harrizko mentsulak eta ojiba-leihoa). 1725etik aurrera, goitik behera berritu zuten. Solairu bat erantsi eta ate-leiho handiz betetako beste bi fatxada egin zizkioten. Bi fatxada horiek Barrenkalera eta herriko plaza nagusira ematen dute.
Plaza, izan ere, herritarren topagunea eta jai-eremua da. Aipatutako aldaketen ondorioz, egungo jauregi-itxura hartu zuen eraikinak.