Mendea: 
Estiloa: 

Jauregia, Izagirre familiarena, XVI. mendean eraiki zuten.

Jatorrian, eraikin trinko eta karratua zen; XVIII. mendeko lehen urteetan, baina, handitu egin zuten, eta ordutik dauka gaur egun duen oinplano lauki zuzena.

Nabarmentzekoa da fatxada nagusia; guzti-guztia ederki eskuairatutako harlanduaz egina. Fatxadan bertan nabarmentzekoak dira sarrerako alde banatan dauden bi medailoiak —leinu-sortzaileak era idealizatuan irudikatzen dituztenak— eta beheko solairuko leihoaren burdin-hesia —heriotzari buruzko idazkun hau duena: "Ni la busques ni la temas"—. Armarria, egikera onekoa, XVII. mendearen hasierakoa da.

Lehen solairuko ate-leihoek ere burdinazko balkoiak eta ederki landutako zuraje edo itxiturak dituzte (XVIII. mendea).

Multzo ederra osatzen dute benetan Laureaga jauregiak —bere lorategiarekin—, Zubietako zubiak eta ondoko Usondo etxeak (XV. mendeko bukaerakoa).