80ko hamarkadan zaharberrituta, Agarrekoa dugu Gipuzkoan geratzen den XVI. mendeko garaia (ala trokia) bakarra.
Haritz egurra erabilita, iltzerik gabe dago mihiztatuta. Teilatuaren azalera 100 metro koadrotakoa da, barrukoaren halako bi. Hegal zabal horrek, beraz, hezetasunari aurre egiteko ezinbestekoa da.
Barruan, bi ganbaratxo eta solairu nagusia ditugu. Azken honek hiru zati ditu: alboetako bi idortegiak eta erdiko gela, karraskariengandik babestuko. Honetan, kutxa sendo bat dago.
Gaztainondoko egurrezkoa da honakoa hau eta kutxaren neurriak aintzat hartuta, gelan bertan egin zela ondorioztatzen da, ezinezkoa baita atetik horrelakorik sartzea.
Garia eta artoa bananduta gordetzen ziren kutxa honetan.
Euskarriak (pilastrak gehi "txapeliak" ala turtokiak) oso jota zeuden. Horregatik, zaharberritzerakoan, Bergarako Ubera auzoko izandako beste garai batenak erabili ziren: Etxeberri Urrutiko baserriko garaia izandakoarenak, hain zuzen ere.
Agarre baserria ere ikusgarria da, San Martin Agirreren jaiotetxea izan omen zen eta arkupe bikaina du. Fatxadan, Agarre sendiaren armarria azaltzen da, garai batean Bergarako espoloian zegoen Toki Eder etxean izan zen bera.
Azaleko argazkia / Egilea: Pedro Mari Arregi Tarragona.