Mota: 

Komenio kaleko lorategi txikiak bisitatu beharrekoak dira, Ondartza eta Olaso dorreen hegoaldea apaintzen dutenak.

Olaso dorrearen lorategia, balio handiko ondarea 

Olaso Dorreak, ofizialki, monumentu izendapena dauka eta babes maila berezia dauka aitortuta. Bertako lorategia, bere osotasunean hartuta, Bergarako txokorik erakargarrienen artean aurkitzen da. Kasko Historikoaren erdi erdian kokatua, lorategiak ondarearen aldetik balio handia duten elementu bakunak ere gordetzen ditu; bereziki hiru dira nabarmentzekoak:
 
  • Jesusen Lagundiaren armarria, Seminarioa Jesuiten eskola zeneko garaikoa eta jesuitak 1767 urtean kanporatuak izan zirenean, jesuiten eskolako fatxadatik (Seminarioaren jatorrizko fatxadatik –gaurko fatxada 1867 urtekoa baita-) kendu zena. Seminarioko eliza eta eliza horren jatorrizko fatxadan aurkitzen zen dagoen armarri hau (Olaso dorrean dagoena) dira XVII. eta XVIII. mendeetako Jesusen Lagundiaren ikastetxetik gelditzen zaizkigun arrastorik aberatsenak.  
  • Jesuiten armarriaren gainean kokatua dagoen armarri heraldikoa, ondo landua dena eta barroko garaikoa dena, XVII. mendearen azken aldekoa segur aski. 
  • Lorategiaren bukaeran zutitzen den magnolia. Zuhaitz hau ofizialki bereizia eta babestua dago. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 16ko 265/1995 Dekretuaren bitartez, Autonomi Elkarteko hainbat zuhaitz “aparteko zuhaitz” bezala izendatu eta babestu zituen. Zehazki emateko, hiru probintzietan 15 aparteko zuhaitz izendatu zituen, eta 15 horietatik 5 Gipuzkoan daude; horietako bat da Bergarako hau.