Mendea: 

Jauregi honen jatorriko izena Urrutia–Espilla da, XVII. mendearen erdialdean Ignacio Urrutia eta Ana Espilla senar-emazteen aginduz jasotakoa baita, antzinagoko beste eraikuntza bat zegoen lekuan. 1778. urtean Irizar familiaren eskuetara pasatu zen eta sendi honena izan da duela hamarkada gutxi arte. Jauregi honetan Bergarako Komenioa sinatu zen, Lehenengo Karlistadari amaiera eman zion hitzarmena.

ANTZINATASUN-OSPEA BATETIK; ZILARRA BESTETIK

Agirietan egiaztatu denez, XVII. mendearen hasieran etxea Espilla familiarena zen. 1659. urtean, etxeko alaba zen Ana Espilla Ignacio Urrutia kapitainarekin ezkondu zen; eta horrela, Lege Zaharrean edo Antzinako Erregimenean behin baino gehiagotan gertatu bezala, batu egin ziren aspaldiko jatorriko leinuaren izen ospetsua, batetik; eta diru-aberastasunak ematen duen ahalmena, bestetik. Izan ere, Ignacio Urrutiak —armadan karrera egin zuena, eta baita Sevillan eta Ameriketan negozio onak egin ere— dirutza ikaragarria ekarri zuen; eta Ana Espillak, berriz, etxea eta lurrak, herriko jatorria izateak ematen duen ospearen ikur gisa. Senar-emazteek berehala ekin zieten etxe zaharra goitik behera eraberritzeko lanei eta jauregi-izaera emateari. Horrela sortu zen gaur ikusten dugun jauregi ederra.

JAUREGIA ETA LORATEGIA: ALDERDI ARTISTIKOAK

Irizar jauregia eraikin dotorea da, bolumetria irmokoa eta soiltasun-itxurakoa. Dekorazioa honako elementu hauetan biltzen da batez ere: balkoietako balaustreak —burdina forjatuzko lan bikaina—, ertzeko armarria —Barrenkale eta lorategi aldeetarako fatxadetako ertzean—, eta aberastasun handiz tailatutako egurrezko hegala.    Barrualdean, berriz, gu gauden atari handi honetan bertan, azpimarratzekoa da eskailera aldera sarbidea ematen duen arku karpanel handia.

Etxeak, fatxada bati lotuta, antzinako lorategi eder bat du. XVII. mendearen bigarren erdian, Urrutia kapitainak eta Ana Espillak jauregiari dotoretasun berezia eman nahi izan ziotela-eta, antzinako etxeak zituen baratzetatik zati bat kendu eta lorategi bihurtu zuten.   Lorategiaren traza diseinatzerakoan, oso kontuan hartu ziren garai hartako Europako kultur guneetan erabiltzen ziren dekorazio geometrikoaren errepertorio ospetsuenak.

Bai jauregiak, bai lorategiak, monumentu-izendapena dute. Jauregiak 1964. urtean lortu zuen; lorategiak, berriz, 2009. urtean.

BERGARAKO HITZARMENA ETA BESARKADA

1839ko abuztuaren 31n, jauregi honetan bildu ziren Bergarako Hitzarmena sinatzeko Rafael Maroto jenerala —armada karlistetako buruzagi militar gorena— eta Baldomero Espartero jenerala —Iparreko armada liberaleko buruzagi-jenerala—. Bergarako Hitzarmenaren bidez, amaiera eman zitzaion Lehenengo Karlistadari (1833-1839).   Baina ekitaldian, agiria zinatzeaz gain, buruzagiok adostasuna irudikatu ere egin zuten; horrela, elkarri besarkadak emanez agertu ziren gure herrira deitu zituzten eta bertan biltzen zihoazen batailoi guztien aurrean.

Esparterok hitz eman zuen berak ahalegin guztiak egingo zituela Gobernuak euskal lurraldeetako foruak ezeztu edo indargabetu ez zitzan. Bergarako Hitzarmenaren 1. artikuluak honela dio:

"El Capitán general D. Baldomero Espartero, recomendará con interés al Gobierno el cumplimiento de su oferta, de comprometerse formalmente a proponer a las Cortes la concesión o modificación de los fueros."

Baina handik hilabete gutxira, Esparterok —liberal progresisten laguntzarekin— erresumaren botere-kontrola lortu zuen: lehenengo, gobernuburu izendatu zuten, eta gero erregeorde, 1841eko maiatzaren 10ean. Urte horretan zehar, Euskal Probintzietako antolaketa politiko eta administratiborako kaltegarritzat jo ziren hainbat neurri hartu zituen. 1841eko irailaren bukaera aldera, liberal moderatuen ingurukoek jeneralaren aurkako altxamendu bat sustatu zuten. Altxamenduak urriko lehen egunetan zehar izan zen, eta Euskal Herrian ere zuzenean islatu zen (Octubrada izenez ezagutu zen). Esparterok, matxinada menderatu ondoren, 1841eko urriaren 29an Dekretu bat sinatu zuen Gasteizen, Foruetako funtsezko alderdi asko ezabatu edo aldatu zituena; horregatik historialari askorentzat foruen abolizioa gauzatu zen Dekretu honekin.  Izan ere, honakoak agindu zituen: korrejidoreak kendu eta horien ordez buruzagi politiko gorenak jartzea; udal-antolakuntza arautzeko, erresuman indarrean zeuden lege eta arau orokorrak ezartzea; foru-diputazioen ordez, probintziako diputazioak ezartzea; sistema judizial orokorra ezartzea, foruen arabera indarrean egondakoaren ordez; foru-baimena ("pase foral") kendu zeneko erabakia berrestea eta aduanak barrualdetik kostaldera eramatea.

1843ko uztailaren eta abenduaren artean izandako hainbat gertakariren ondorioz, Esparterok erbestera joan behar izan zuen, eta liberal moderatuek berreskuratu zuten boterea. Orduantxe (1844),   foru-sistemaren atal batzuk indarrean berriz jartzea lortu zuten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Diputazioek.  Hala ere, ez zen 1841eko urriaren aurreko egoerara itzuli; izan ere, adibidez, sistema judiziala ez zen aldatu, erresuman ezarritako sistema orokorrak jarraitu zuen indarrean, foru-baimenak ere kenduta jarraitu zuen, eta aduanek kostaldean jarraitu zuten.

1872. eta 1876. urteen artean Bigarren Karlistada izan zen Euskal Herrian. Gatazka hau 1876ko neguan bukatu zen, karlistak militarki garaitu zituztenean: otsailean karlisten armada gehienak Frantziara ihes egin zuen, eta martxoaren 2an Nafarroako Lapoblacioneko gaztelua —karlisten azken gotorlekua izan zena— errenditu egin zen.  Antonio Canovas del Castillo Gobernuko presidentea zela, 1876ko uztailaren 21eko legea eman zen, Foruen abolizioaren legetzat hartu izan dena, alegia.  Harrezkero —1878tik aurrera—, euskal lurraldeak, eremu ekonomiko-administratiboari dagokionez, Kontzertu Ekonomikoen sistemaren bidez arautu ziren.