Gerriko Berdearen ibilbidea izanik, Bergarako hirigunea inguratzen du birak, aisialdirako espazioak lotuz eta natura kontserbatzeko eremuak zeharkatuz. Oro har, Bergara inguruko paisaiaz, landarediaz, faunaz eta balio historiko artístico handiko elementuez gozatzeko aukera izango dugu ibilbidean zehar. Hiribilduaren eta Deba bailararen ikuspegi ederrak ere izango ditugu.
Deskargatu planoa eta informazioa.
IBILBIDEA
Ibilbidearen abiapuntu bezala Agorrosingo ekintza gunea proposatzen dugu, baina bira honek hainbat sarbide eta irtenbide ditu. Agorrosingo sarrera parean, abiapuntua erakutsi eta ibilbidearen nondik norakoak azaltzen dituen panela dago. Boni Laskurain ibilbidea egin ondoren, Goiauzorantz abiatzen da bidea, San Martzial ermitaraino. Zatirik aldapatsuena da hau. Bidean aipagarriak dira Askatsuko iturria eta bere inguruetan kontserbatzen den hariztia. San Martzial baselizaren inguruan atseden lekua eta natura zein lekuko tradizioak ezagutzeko baliabideak aurkituko ditugu.
Aurrera eginez, baserrien artean, ibilbideak Surragako gurutzera eramango gaitu, ikuspegi panoramiko bikaina eskaintzen digun lekua hau. Jaitsieran, gure bidetik 200 metrora dagoen Agirreko garaia ikusi ostean, Gabiria dorrera joan eta San Antonio auzora iritsiko gara. San Antoniotik “Ferrocarriles Vascongados” trenbideak utzitako bidera igoko gara, ibilbidearen bigarren zatiari ekiteko. Bide eroso eta laua da, eskualdeko paisaien eta herriko kasko historikoaren ikuspegi ederrak gozatzeko aukera ematen duena. Aipagarria da baita ere Ugasarri ingurutik kaleraino iristen den basoa.
Trenaren geltokia egondako lekura iristean, Moiua jauregirantz jaitsi eta herrira sartuko gara, ibilbidea Agorrosinen amaitzeko. Agorrosin ekintza guneak taberna-jatetxea, igerilekua eta bainu-etxea eskaintzen dizkigu, gure aisialdi eguna borobiltzeko.
Ibilbide guztia ongi seinaleztatuta aurkituko duzu. Gainera, Turismo Bulegoan zein Agorrosinen, ibilaldi eder eta erraz hau gozatzen laguntzeko argitaratu dugun planoa lortu ahal izango duzu. Eta Bergarako turismo web orrian bira honen track-a eskuratzeko aukera ere badaukazu. Bergarako Gerriko Berdearen bira mendiko bizikletaz ere egin daiteke eta kasu honetan, alderantzizko noranzkoan egitea gomendatzen dizugu.
Hainbat datu
- Luzera
- 9,225 km
- Desnibela
- 175 m
- IBP index
- 27 AB*
- MIDE denbora
- 1h 44 min
ELEMENTU INTERESGARRIAK
San Martzial
Goiauzoak landa eremuko paisaia eta jarduera mantentzen ditu oraindik, hirigunetik gertu. Hemen dago San Martzial baseliza. XVI. mendekoak dira “San Martzial mendia” eta bertan zegoen ermita aipatzen dituzten lehen dokumentuak, baina lehenagokoa da seguruen inguru hau errituetarako erabiltzeko ohitura. Leku garrantzitsua da bergararrentzat. Jai eremu izaerak, baselizak, leizeak eta iturri sendagarriak berezia egin dute. Goiauzoko baserritarrak ermitaren inguruan elkartzen ziren auzoko arazoak eztabaidatzeko eta auzolanak antolatzeko.
Antzinako iturriaren urak azaleko gaitzak osatzeko fama zuen eta jende asko erakartzen zuen hona, erremedio bila. Iturri hura ez da erabiltzen gaur egun, 1960 inguruan galdu zen ohitura. Geroztik, sasi artean dago, ezkutuan.
San Martzial atseden-leku erosoa da gaur egun, eta natura berreskuratzeko eta kontserbatzeko eremua ere bai. Aisialdirako prestatua (iturria, mahaiak, umeendako jolaslekua), ingurumena interpretatzeko ekipamendua ere badu (biodibertsitateari, historiari eta ohiturei buruzko panelak). Urtero, erromeria jendetsua ospatzen dugu bergararrok hemen.
Aipagarriak dira garai bateko gaztainondoen enbor zaharrak. Enbor hauek babestearekin batera, egitura berriak sortu ditugu hildako egurrarekin, horren menpeko bizia sustatzeko asmoz. Jatorrian San Martzial estaltzen zuen basoa —haritz, gaztainondo eta artez osatua— berreskuratzen hasita gaude. Bestalde, San Martzial ingurua da udalerrian dagoen ingurune karstiko nagusia eta leizea, kobak, hobiak aurkitzen dira bertan.
Biodibertsitatea eta Gerriko Berdea
Biodibertsitatea da izaki bizidunen aniztasuna; geneen, espezieen eta ekosistemen multzoa. Bilakaera-prozesu konplexu eta errepikaezin baten ondorioa da. Premia-premiazkoa da biodibertsitatearen aurkako erasoak gelditzea eta naturaren etorkizuna babestea; berez duen balioagatik (atseden eta kultur balioa), eta ematen dizkigun zerbitzuengatik. Zerbitzu horiek funtsezkoak dira lehiakortasunari, garapenari eta enpleguari begira, baina baita mundu osoan bizimodu-baldintzak hobetzeko ere. Horixe da, berez, Gerriko Berdearen helburuetariko bat.
Antzina, Bergara estaltzen zuen basoak honako zuhaitzak zituen:haritzak, arteak, gaztainondoak, lizarrak eta beste hostozabal batzuk. Gure hainbat behar ase ahal izateko, murriztu egin ditugu baso horiek; haien ordez, larreak sortu eta mantendu ditugu, edo kanpoko zuhaiztiak landatu ditugu, eta horrenbestez baso haien baitako biodibertsitatea galdu egin da.
Gerriko berdearen bira egiten goazela, jatorrizko basoaren atal batzuk aurkituko ditugu, hala nola Askatsuko hariztia, edo Errekalde gainean haritzek eta pagoek osatzen duten basotxoa. Nahiz eta eraldatuta egon, baso hauek balio izugarria dute, eta derrigor zaindu eta gorde behar ditugu.
Bertan, espezie ugari aurkitzen ditugu, bai landareak (haritzak, gorostiak, basagereziondoak, elorriak...), bai animaliak (lepazuriak, katagorriak, muxarrak, orkatzak, gabiraiak, garrapoak, erregetxoak...). Larre- eta heskai-inguruek ere hainbat espezie babesten dute. Prismatiko batzuen laguntzaz, ibilbide osoan zehar hegaztiak behatu eta goza dezakegu. Eta gida on bat badaukagu, bide bazterreko landare-espezie ugariak ere identifikatu ahal izango ditugu. Batzuk oso ohikoak dira; beste batzuk, berriz, oso bitxiak. Adibidez, Gogortxua (Viburnum tinus); Mediterraneoko izaera nabarmena duen espeziea izanik, hala ere, Artzamendin populazio garrantzitsua dago.
Garaia eta jauregiak
Ibilbidean zehar, bidean bertan edo gertu, interes handiko elementuak aurkituko ditugu. Aipagarria da Agirreko garaia; bidetik oso gertu daukagu, 200 bat metrotara. XVI. mendearen lehen erdian eraiki zen eta Gipuzkoan gelditzen den benetako garai bakarra dugu hau.
Gerriko berdearen bira honen ibilbidera itzulita, aurreraxeago, Gabiria dorrearekin egingo dugu topo eta handik ez oso urruti, baina bidea utzita, Ozaetakoa dago. Gabiria eta Ozaeta dorretxeak, biak hirigune historikoaren kanpoaldean, Behe Erdi Aroan elkarren aurka borrokan ibili ziren Bergarako bi familiarenak izan ziren. Gabiriakoa XV. mendearen amaieran eraiki zuten, aurretiko Erdi Aroko dorretxearen ordez, eta hurrengo mendeetan birmoldatu eta handitu. 2006/2007an zaharberritu zen. Armarri ikusgarria du. Ibilbidearen amaieran Moiua dorrea ikusiko dugu. Badirudi XVI. mendean egin zutela, baina XVIIan birmoldatu zuten eta XVIIIan zaharberritu. Fatxada nagusia ikusgarria du.