Bergara hiribildua XIII. mendean sortu zen, Ariznoako San Pedro parrokia dagoen lekuaren inguruan.
Gaur egun ikusten dugun tenplua beste eliza zaharrago baten zimenduen gainean eraiki zuten; obrak zeharo garatzeko lau obra-ekinaldi behar izan zituzten, XV. mendearen azken hamarkadetan hasi eta 1620. urtera arte.
Dorre barrokoa (1742), liraina, ederra, Jose Lizardi arkitektoak egin zuen; eta zalantzarik gabe, egin zituen lanetatik onenetarikoa da. Eliza barruan dauden arte-lan ugarien artean, aipatzekoa da erretaula nagusia, platereskoa (1535-1540); Euskal Herrian Errenazimenduan eraikitako erretauletatik lehenetarikoa da. XVII. mendekoa da, berriz, Santo Kristo Hilzorikoa; koruaren azpian dago, izen bera duen kaperan.
Oharra: Kristoa bisitatu nahi baduzu, mesedez, deitu aldez aurretik hitzordua eskatzeko, eliza ez baita beti irekita egoten.
Juan Perez Irazabal jaunak, bergararra izatez baina Sevillan bizi zenak, Juan de Mesa eskultoreari enkargatu zion tailu hau 1622an. Egikera dotore eta adierazkera hunkigarrikoa, Bergarako Kristoa, aditu eta kritikari askoren iritziz, nazioarteko Barrokoko irudirik onenetakoa da. Aipagarria da, era berean, eliza barruan dagoen organo erromantiko bikaina, 1889an Stoltz Frères etxeak egindakoa.
Eliza barruan dauden artelan ugarien artean, aipatzekoa da erretaula nagusia, platereskoa (1535-1540); Euskal Herrian Errenazimenduan eraikitako erretauletatik lehenetarikoa da, bikaina, oso kalitate onekoa. Bete-betean Errenazimendukoa den obra honetan, baina, gainontzeko elementuen aurretik sortua bide den Kalbarioa dugu, non eskultura gotikoaren ezaugarriak nabari diren; era berean, erdi-erdian Bergarako zaindaria den San Rokeren taila dugu eta hau ere ezberdina da, barrokoa. Erretaula honek duen konplexutasun ikonografiko handia artikulatzeko, lau solairu eta Kalbarioa du, eta bost kale bankuaren gainean. Presbiterioko abside gotiko bikainaren erdiko horman dago, Bergarako Hiribilduaren bi armarriren artean.