Mendea: 
Estiloa: 

Moiua-Barrena edo Rocaverde markesaren jauregia egin zuten tokian dorre zahar bat zegoen Erdi Aroaren amaieran.

Jauregia Juan Moiua Barrena kapitainak eraikiarazi zuen XVII. mendean. Moiua kapitaina 1605ean jaio zen, eta oso gazterik utzi zuen herria munduko bazterrak ezagutzeko nahiak eraginda. Filipinetan egon zen, eta hainbat urte eman zituen Mexikon, Perun eta Sevillan. 1648an Bergarara itzuli zen, izugarri aberatsa zela. Mariana de Arreluz Bidaurrerekin ezkondu eta 1668an maiorazkoa sortu zuen emaztearekin batera. Jauregia, orduantxe eraiki berria, izan zen maiorazkoko etxe nagusia. 1718ko matxinadan erre egin zutenez, barrualde osoa berreraiki behar izan zuten, eta egungo teilatu-hegal barroko oparoa egin zioten.

Era berean, aipatzekoak dira fatxada nagusiko balkoietako forjaketa-lan paregabeak, izkinako armarria eta atzealdeko fatxadako lorategira ematen duten hiru altuerako galeria arkudun ikusgarriak. Armarriaren gaineko koroa handiari ere erreparatu behar zaio, airean zintzilik dagoela baitirudi.