IKUSI MAKUSI: pieza del mes

Euskal balea (Eubalaena glacialis): isats-ornoa

Euskal baleak 15-16,5 m inguruko ugaztun ikaragarriak dira. Luzera horren herena inguru buruak hartzen du. Ume jaioberriek ere 5-6 m izaten dituzte. Normalean 20.000 eta 60.000 kilo artean pisatu ohi du. Ahoaren alde banatan iragaz-plaka edo “bizarrak” izan ohi ditu eta horiekin izugarrizko ur kantitateak iragazten ditu bertatik elikagaiak (planktonean aurkitzen diren animalia txikiak), lortzeko.
Udan Ipar Atlantikoko ur hotzetara jotzen du, planktonean aberatsak baitira eta neguan latitude baxuagoetara, estaltzera eta umatzera.
Balea hau Galtzeko arriskuan dago. Garai batean ugaria izan zen Ipar Atlantikoaren alde bietan baina gehiegizko ehizak populazio-jaitsiera izugarria ekarri zuen. Euskal baleazaleak izan ziren merkaturako ustiatzen lehenak: XI. mendeaz geroztik Kantauri itsasoan eta 1530az geroztik gaur egungo Kanadako kostaldean. Badirudi gaur egun guztiz desagertua dela Atlantikoaren Ekialdean; Mendebaldean (Ameriketako Ekialdeko kostan), berriz, 300-350 ale inguru bizi dira.
Hemen ikusgai dugun pieza hau isats-orno bat da eta Bergarako Errege Mintegiko bildumako euskal balea baten hezurdurari dagokio. Zenbait ikerketa egin den arren, ez dugu jakin ahal izan hezurdura honen jatorria.

Day and hour: 
Thursday, March 31, 2016 - 15:15 to Saturday, April 30, 2016 - 15:15