2. Erdi Aroa: Hiriaren sorrera

Bergarari buruzko lehen aipamena 1050. urtean ageri da agirietan, Sanchok San Juan de la Peñako monasterioaren alde egin zuen Aritzetako San Migel monasterioko lursail eta sagasti batzuen dohaintzari buruzko eskrituran.

Gaztelak 1200 urtean Gipuzkoa bortxaz konkistatu zuenean, hiriak sortzeko prozesu bat hasi zen, ondoko helburuokin:

  • Gaztela Kantauriko portuekin bat egin eta merkataritzarako komunikazio-bideak sortu nahi zituen. Izan ere Bergara, orduan, Gasteiztik Deba eta Getarirako bidean zegoen. Horren ondorioz, garraiolari eta merkatarien topagune izan zen.
  • Gaztelako monarkiak, gainera, herri-gune indartsuak sortzeko ahalegina egin zuen, bandokideen indarrari aurre egiteko, baita Frantzia eta Nafarroarekiko defentsarako gotorleku izan zedin ere. Hori dela eta, 1273. urtean zergetatik salbuetsi egin zituen Alfontso X.ak hiriko bizilagunak.

Horrela bada, Villanueva de Vergara izenarekin, Alfontso X.a Jakintsuak sortu zuen 1268an, Gasteizeko foruan oinarriturik Udalaren gobernua herritar guztiek osatzen zuten, kontzeju irekian.

Irudia

1348an eta 1391n Oxirondo eta Uzarragako elizateetako bizilagunak hiriko partaide egin ziren, gainerakoek zituzten eskubide eta betebehar berberekin. Ahaide Nagusien arteko gerra ere iritsi zen hirira; Bergaran ozaetarrak eta gabiriatarrak zeuden elkarren aurka. Inoren aldeko jarrerarik hartu beharrik ez izateko, herriaren gobernu onerako Ordenantzak onartu zituzten  Errege Katolikoek 1490ean. Bestalde, guztien ordezkaritza (hiriaren gorputza eta errebalak, Oxirondoko elizatea eta Uzarragako elizatea) aldatuz joan zen denboran zehar eta etengabeko gatazkak sortzen ziren arrazoi horrengatik.

Gai honi konponbidea emateko hitzarmen bat egin zen 1497ko uztailean eta Errege Katolikoek berretsi egin zuten ondoren.

Garai hartan herriak zenbait aldaketa izan zituen:

  • Handitu egin zen
  • Bidekurutzeta eta Masterrekako errebalak sortu ziren.
  • Etxeak egurrezkoak zirenez, suteen aurrean arrisku handia izaten zen eta kezka handia izaten zuten herritarrek. Horren ondorioz, 1506ko suteen kontrako ordenantzak eta 1518an, etxeak karez eta harriz berreraikitzeari buruzkoak onartzea eskatu zuten herritarrek.