3. Bergara, ideia berrien bilgune Aro Modernoan
Gariaren azoka astean hiru egunetan egiten zen Bergaran, eta horrek jende asko erakartzen zuenez, beste hainbat kontratu eta negozio ere sortzen ziren. Hori zela-eta, bide eta ostatuen azpiegitura egokia zuen herriak eta aterpetxe eta ostatu ugari zen.
Merkataritzako eginkizunez gain, burdinaren transformakuntzan jarduten zuten tailerrak ere sortu ziren: Erramintariek totxo eran jasotzen zuten burdina euren sutegietan eta aitzurrak, matxeteak e.a. egiten zituzten; aiztogileek arma zuriak egiten zituzten, eta kofradia ere sortu zuten; eta suzko armak egiten zituzten artisauek, Deba bailarako armaginen tradizioaren barruan ekin zioten. Nobleek, merkatari aberatsek eta ejerzito zein administrazioko funtzionarioek euren etxeak eraiki eta birgaitzen zituztelako sortu zen arkitektura zibila, Ondartza eta Eguino-Mallea etxeak, esaterako. Eraikuntza erlijiosoak ere garatu ziren.
1565ean Andres Martinez Ondartza eta Madalena Araotz Trinitateko Komentua fundatu zuen berriz Goenkalean eta mendearen amaiera aldera Jesuiten Ikastetxea eraiki zen gaur egungo San Martin Agirre plazan.
XVII. mendean ere aldaketak izan ziren:
- Mendearen bukaeran, gaur egungo udaletxea eraiki zuen Lucas de Longa arkitektuak.
- San Martin Agirre plaza jaiotzen da.
- San pedro eta Santa Marina elizen lanak mende horretan zehar bukatzen dira, kanpandorreak izan ezik, beranduagokoak baitira.
- Juan de Irazabal bergararrak, Sevillan kontadorea zenak, Juan de Mesaren Hil Zoriko Kristoa izeneko eskultura bikaina oparitu zion 1626an bere jaioterriari. San Pedro parrokian dago eskultura hori.
Antzuolaren desanexioarekin, 1629an aldatu egin zen Bergarako udalerria; Oxirondoko elizatearen saiakerak ez zuen aurrera egin eta herriaren barruan dago orain ere.
XVIII. mendean irakaskuntzako zentroek egin zuten ospetsu Bergara; Carlos III.ak jesuitak bota zituenean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak jesuitek herrian zuten Ikastetxea eskatu zion erregeari. Ikastetxe horretan euren ideia ilustratuak praktikara eraman nahi zituzten eta lortu egin zuten. Kimika eta Mineralogia katedrek zientzilari garrantzitsuak erakarri zituzten, Proust edo Chabaneau esaterako. Irakaskuntzaren kalitatearen eta maila altuaren eraginez, mundu osoko ikaslez bete ziren gelak. 1799an Mariaren Lagundia Ikastetxea ere sortu zen neskatilentzat Espoloian.
Komunikazio beharraren eraginez, Araba Frantziarekin batzen zuen zalgurdien errege-bidea eraikitzen hasi ziren probintzian XVIII. mendean, Bergaratik pasatzen zena.