Nola: 
Oinez
Sasoia: 
Urte osokoa

Dolmenen Ibilbidea

PR Gi-94 TRIKUHARRIEN IBILBIDEA - ELOSUA-PLAZENTZIA ESTAZIO MEGALITIKOA

Ibilbide hau jarraituz, antzina Deba eta Urola bailaren arteko igarobidea izan zen lurretan sartuko gara. Neolitoan eta Brontze Aroan, giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumento megalitikoen bidez utzi diguten ondare hori beren antzinako kulturako ehorzte-errituekin lotuta dago. Elosua-Soraluzeko estazio megalitikoa osatzen duten trikuharriak eta tumuluak ondare horren zati dira, eta Karakateko, Irukurutzetako eta Agirreburuko tontorrek marrazten duten mendilerroan sakabanatuta daude. Gero eta interesgarriagoa egiten da ibilbidea, eskaintzen dizkigun ikuspegi izugarriei esker.

Arribiribilleta

Estazio megalitikoa Sailkatutako Kultura Ondasun izendatuta dago, Monumentu Multzo kategoriarekin. Bergara, Azkoitia, Antzuola, Elgoibar eta Soraluze udalerrietan sakabanatuta dauden 16 monumentuk osatzen dute gaur egun (10 tumuluk eta 6 trikuharrik). Monumentu horietako gehienak J. M. Barandiaranek aurkitu zituen, 1920tik 1921era bitartean, eta berak induskatu zituen 1921etik 1922ra artean. Zoritxarrez, monumentu horietako gehienak arpilatu egin zituzten, lehenengo ikerketak egiten hasi aurretik.

TUMULUAK ETA TRIKUHARRIAK

Hildakoak ehorzteko hilobi kolektiboa da trikuharria edo dolmena. Zutik kokatutako lauzaz osatuta dago, eta, aldi berean, lauza horiek beste lauza bati eusten diote, estalki modura; guztiek hilobi-ganbera osatzen dute. Ganbera hori tumulu batez edota harri mordo batez estalita dago.

trikuharria

Tumuluek ez dute trikuharriek bezalako ganberarik, eta, askotan, zaila da tumulua edota harri pilaketa den bereiztea. Kasu horietan, indusketak soilik zehatz dezake elementuaren izaera.

tumulua

TRIKUHARRIEN IBILBIDEA PR-GI 94

Trikuharrien ibilbidearen ardatza Karakate-Agerreburu arteko banalerroan zeharreko bidea da. . Mendilerro horretara Bergaratik, Soraluzetik zein Elgoibartik igotzeko aukera dugu. Bergaratik abiatuta, Arane auzoan hartuko dugu bidea. Hemendik Soraluzeraino edo Elgoibarrerarino joan gaitezke, edo bestela ibilbide zirkularra eginez berriz ere Bergarara itzuli, Aizpuruko saihesbidea aprobetxatuz (PR Gi-94.2).

Kokapen planua

Bidean zehar estazio megalitikoko historiaurreko kulturaren aztarnak, trikuharri eta tumulu forman ageri direnak, ikusi ahal izango ditugu. Pagadi ederrak eta mendiko belardiak zeharkatuko ditugu eta mendilerroak dituen ikuspegi zabalek Euskal Herriko mendigune garrantzitsuenen handitasuna erakutsiko digute.

Dolmenen ibilbidea

GARRAIO PUBLIKOA

Non-nahi hasi eta bukatzen dugula ere, garraio publikoan itzuli ahal izango gara, Donostia-Arrasate arteko autobusa hartuta. Elgoibarren, Soraluzen eta Bergaran daude geltokiak. Informazio gehiago: www.lurraldebus.com

irukurutzeta dolmenen ibilbidea

GPS arrastoa: