Mendea: 

Jauregia oso eraikin sendoa da. Erdi Aro berantiarreko eraikuntza-elementuak eta apaingarri barroko peto-petoak uztartzen ditu.

Jatorriari dagokionez, badirudi XVI. mendearen hasieran egin zutela, baina kanpoaldea geroagokoa da. Juan Moiua-Barrena Argaratek erosi eta birmoldatu egin zuen, XVII. mendearen erdi aldera.

Handik mende batera, 1751n, obra handiak egin zituzten izkinetako garitoietan, pinakuluetan eta erlaitzean.

Fatxada nagusia eta haranaren barrenera ematen duena dira guztietan zainduenak. Fatxada nagusiko beheko solairuaren sarreran arku zorrotz handi bat dago, bi leiho bikiren artean. Bestalde, goiko solairuaren erdian dagoen gotiko itxurako ate-leiho handiaren zangoek barroko-tankerako kiribildura dotoreak dituzte apaingarri.

Albo banatan, harrizko bi bloke daude, lantzeke geratutako armarrien lekuko.